XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2.4. Euskal liturgia, euskara aldetik prolemak

Bi puntu bakarrik ikutuko ditut hemen.

Bata, ze leku ematen diogu euskarari gure Elizetan?.

Prolema hau ez da Elizarena bakarrik, Euskal Herriko erakunde guziena baizik.

Euskal Elizak, lehen ikusi dugunez, 1964 urtean onartu zuen euskara, hizkuntza ofiziala bezala, liturgirako eta elizkizun guzietarako.

Euskal Herriko hiriburu, herri haundi eta herri txikietako elizetan betetzen al da erabaki hori?.

Eta zenbateraino betetzen da?.

Eliza askotan noski jator jokatzen dute hontan, euskarari lehen lekua edo leku zabala emanez.

Baina begi aurrean ditut Donostian eta beste herri batzutan euskaraz eta erderaz ematen diren Meza orduen orriak eta ikusten dudanez eliza askotan oraindik proportzioa honela da: 8 edo 7 edo 6 edo 5 (erderaz) eta 1 edo 2 (euskaraz).

Itxurazkoa eta zuzenbidezkoa al da jokabide hori?.

Eta erderazko Mezetan ere ez al daiteke euskaraz zer edo zer egin, adibidez, irakurgai bat, ohar eta kantaren bat edo beste?.

Hontan rebisio baten beharrean garela uste dut eta batez ere une hontan, euskararen ofizialtasuna eta eskubideak oihukatzen ari garenean.

Bigarren puntua: euskararen batasuna liturgian.

Ez dut gauza berririk esateko asmorik.

Lehen ere nire iritzia agertu nuen hontaz Meza Santua edo Mezaren egunerokoa (1969) argitaratu zenean (ikus JD 30,73-75).

Orduan nion: Ez al ziteken batasunik gehiago iritxi?.

Behar bada zerbait gehiago bai, esaterako, idazkera eta itzetan.

Osoa, gaurko egunez eta oraindik urte askotan, inolaz ere ezin...

Nere iritziz, gogoan izanik Liturgia erriaren otoitza dala eta ez elerti edo literatura utsa, Meza Santuan egin dan lana, bere akats eta guzi, batasun-bide hortan asiera on bat izan da.

Asiera esan dut.

Geroztik argitalpen berrietan batzordeak eman ditu pauso berriak, esaterako, Euskaltzaindiaren aditz batua ia osorik erabiltzen du, deklinabidean ere egin ditu zenbait aldaketa (ai-ren ordez ei, akin ordez ekin)...

Baina zoritxarrez gure elizetan herriak argitalpen zaharren bidetik jarraitzen du, Sinisten det esanez Sinisten dut ordez, eta horrela beste askotan.

Liburuetan egin diren aldaketak elizkizunetan ere sartzen eta beterazten saiatu behar genuke gehiago.